Erronka
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko Bide Berrikuntza eta Kudeaketako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako erronkaren izenburua hau da: "Nola eskain diezaiekegu Bizkaiko errepide-sarearen erabiltzaileei mugikortasunari buruzko informazio erabilgarria, errepideetan instalatutako sentsore-sareek jasotzen dituzten datuetatik abiatuta, mugikortasuna hobeto kudeatzeko balio duena eta, beraz, Bizkaiko Lurralde Historikoko ekonomia eta ingurumena hobetzen lagunduko duena?"
Erronka horrek jarraian deskribatzen diren beharrei erantzuten die:
Bizkaiko Lurralde Historikoko errepide-sarea 1.273,1 km-koa da, eta bertatik 4.757,2 milioi ibilgailu mugitzen dira guztira. Lehentasunezko sarea edo Gaitasun Handiko sarea % 19,2 da (245,1 km), baina mugikortasun osoaren % 58,8 da. Ondoren dator Oinarrizko Sarea, % 16,4 (209 km), % 26ko mugikortasunarekin. Sare hori umotzen eta saretzen joan da azken hamarkadetan, egungo errepide-sarearen edukiera handitzeko helburua zuten proiektuekin.
Mugikortasunari buruzko informazioak, batez ere denbora errealean, aukera ematen dio erabiltzaileari joan-etorriak garraio publikoan edo pribatuan antolatzeko, bai ordutegia bai joan-etorriak egiteko ibilbidea aukeratzerakoan. Horri esker, dauden azpiegiturak hobeto erabil daitezke. Honelakoxe informazioa eraginkorra da errepide-sarearen eraginkortasuna hobetzeko, eta horrek eragin zuzena du ingurumenean eta ekonomian.
Erronka horren helburua irtenbide berritzaile bat bilatzea da, informazio-atari bakar bat eskaini ahal izateko, erabiltzaileei Bizkaiko mugikortasun-sistemaren berri emateko eta, denbora errealean, Bizkaiko errepide-sarearen egoerari buruzko ahalik eta irudi zehatzena eskaintzeko.