Erronka hori mendekotasun-egoeran dauden pertsonak nahi gabe instituzionalizatzeko arriskua prebenitzeko eta minimizatzeko esku-hartze proposamenak eta estrategia soziosanitarioak eta/edo komunitarioak identifikatzeko beharrari erantzuten dio, pertsona horien zaintza etxean egiten denean, haien bizi-kalitatea eta zaintzaile ez-profesionalena hobetuz.
Testuingurua
Pertsona gehienek etxean zahartu nahi dute, etxean ahalik eta denbora gehien egon, nahiz eta mendekotasun-egoerak eragindako laguntzak behar izan, bai eta beharrezko laguntzak beren ohiko ingurunean, etxean eta/edo komunitatean zabaltzea ere.
Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak egoitza-zerbitzuak kudeatzeaz gain, esku-hartze soziosanitario eta komunitarioko estrategiak eta proposamenak identifikatzen sakondu nahi du, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen nahi gabeko instituzionalizazio-arriskua minimizatuko dutenak eta haien bizi-kalitatea eta zaintzaileena hobetuko dutenak.
Bizkaian, gaur egun, 40.000 pertsona inguru daude mendekotasun-egoeran maila aitortuarekin , eta horietatik 21.000k baino gehiagok familia-inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa dute (FIZPE), eta, beraz, etxe horietan mendekotasun-egoeran dagoen pertsonarekin bizi den eta erreferentziazko zaintzaile diharduen gizarte- eta familia-sareko pertsona bat dago.
Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak mendekotasuna duten eta etxean zaintzen diren pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi du, bai eta zaintzaile ez-profesionalen bizi-kalitatea ere. Horretarako, esku hartzeko proposamenak, zerbitzuak, laguntzak eta prebentzio-estrategiak identifikatu nahi ditu, esparru soziosanitarioan eta/edo komunitarioan, ahal den neurrian mendekotasuna atzeratuko dutenak, nahi ez den instituzionalizazioaren arriskua minimizatuko dutenak eta mendekotasun-egoeran dagoen pertsonaren nahiz haren zaintzaileen ongizatea areagotuko dutenak.
Gizarte Ekintza Sailak (GES) helburu horretara bideratutako ekimen, proposamen eta/edo estrategietan sakondu nahi du, mendekotasuna duten eta etxean jarraitzen duten pertsonen zaintza egokia bermatuz eta zaintzaile ez-profesionalei laguntzeko sarea indartuz.
Erronka horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumen-esparrutik heldu beharreko estrategia berriak identifikatu nahi dira, mendekotasun-egoeran dauden eta zainketak etxean -non iraun nahi baitute, laguntzak behar izanda ere- egiten zaizkien pertsonen arreta pertsonalizatuagoa izan dadin laguntzeko, eta zaintzaileen bizi-proiektua ere garatzen laguntzeko.
Erronka horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak erantzun berriak, nitxo-estrategiak eta pertsona zaurgarrien talde espezifikoen hautemate-ereduak identifikatu nahi ditu, etxean gertatzen diren iraupen luzeko zainketetan estrategia eta ekimen pertsonalizatuak zehazteko.