Erronka
Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko Kontserbazio Zerbitzuko Azpiegitura Atalak planteatutako erronkaren izenburua honako hau da: "Nola hobe daiteke errepideetako bide-marren ikuspena euria eta eguraldi txarra dagoenean?"
Erronka honek ondoren deskribatzen diren beharrei erantzuten die:
- Nola euts lekioke bide-marren erretrorreflexio-mailari euri eginez gero eta argirik gabeko eta ikuspen txikiko eremuetan?
- Nola berma liteke bide-marren erabiltzailearen ikuspena eguraldi txarra eginez gero eta edozein ordutan?
- Nola erantzun liezaieke soluzioak azpiegituraren izaerak eskatzen dituen eskakizun teknikoei ekonomikoki jasangarria den modu batean?
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Lurralde Historikoko errepide-sarearen titularra den aldetik, errepideok kontserbatzeko eta mantentzeko ardura du. Errepide-sare hori 1241,4km-k osatzen dute, eta urtean 4.592,8 milioi ibilgailu mugitzen dira kilometroko.
Errepide-sareen azpiegituraren elementuetako bat seinaleztapen horizontala da. Seinaleztapen horizontala edo bide-marrak honako hauek dira: zirkulazioko erreiak bereizteko zoladuraren gainean egindako balizamendua, aurreratzeko debekuko zerrenda jarraituak, bazterbidea eta galtzada bereizteko zerrendak, eta zoladuran egindako beste edozein lerro, hitz edo sinbolo, baldin eta ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa arautzeko balio badute.
Funtsezko osagaia da zirkulazioa bideratu ahal izateko, balizko oztopoak daudela adierazteko eta edozein baldintza klimatikoren pean ibilbide osoan ikusizko informazioa emateko. Hori dela eta, errepideko ikuspena hobetzeko eta bide-segurtasuna sustatzeko funtsezko elementua da; izan ere, erreiak zehazteaz gain, lehentasunak adierazten ditu eta balizko arriskuez ohartarazten du.
Seinaleztapen horri eusteko, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 1.500.000 € inbertitzen ditu urtean seinaleztapen hori kontserbatzeko.
Mantentze- eta kontserbazio-ekintza horiek Bide-marrei buruzko 8.2-IC Arauan [2], Sustapen Ministerioaren PG-3/75 Arauan [3], geroko eguneratzeetan eta indarrean dauden gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera egiten dira.
Urteko inbertsioa beharrezkoa da, batetik, higadura-maila egokia mantendu behar delako, eta, bestetik, beharrezkoa den atzera-flexio-mailari eutsi behar zaiolako. Ohikoa da bide-marrak pinturaz eta mikroesfera islatzailez berriz pintatzea, obra-unitate horietan PG-3/75ek adierazitakoaren arabera.
Hala ere, euripeko islapen-errendimenduari nabarmen eragiten dio. Errepideetan ura pilatzen denean ur-geruza bat sortzen denez, beirazko mikroesferen islakortasuna murriztu egiten da. Geruza horrek mikroesferen gainazala estal dezake eta islatutako argi kantitatea eta, beraz, bide- marren ikuspena murriztu. Era berean, euri-jasa gogorren ondorioz, argiaren islapen-angeluari eragiten zaio.
Kontserbatzeko eta inbertitzeko ahaleginak eginagatik ere, eguraldi txarra denean, erabiltzaileek ez dute ikuspen onik sumatzen gidatzeko orduan.
Erronka honek irtenbide berritzaile bat bilatu nahi du, planteatutako behar horiei erantzuteko.